elkarrizketa

“Omar Sy aktore frantziarra nahiko nuke Toureren rola egiteko”

Jon Arretxe idazlea

Jon Arretxe idazlea bisitan etorri zitzaigun Portugaletera eta “Hiriak eta Nobela Beltza” hitzaldi zoragarria eskaini zigun Santa Klara kulturtegian

Jon Arretxe (Basauri, 1963) oso ezagun egin zen bere bidaien nobelei esker, baina nobela beltzean ere ederki moldatu da, Toure detektibearen liburu sortak ikaragarrizko arrakasta izan duelako. Gainera, laster pantailan ere ikusi ahal izango dugu Bilboko ikerlaria. Horretaz guztiaz mintzatu ginen Arretxerekin solasaldi goxo batean.

Ongi etorri Portugaletera, Jon. Zure lehen aldia al da jarrilleroen artean?

Ez. Beste batzuetan ere egon naiz, nire bidaiez edo liburuez hitz egiten. Ederki tratatu nauzue beti; plaza polita da Portu.

Idazle gisara ezagutzen zaitugu denok, baina idazten jardun baino lehen, beste ogibiderik eduki zenuen?

Bai, hamar urtean euskara-irakaslea izan nintzen Deustun. Gero beste hiru eman nituen Gasteizko Irakasle-Eskolan.

Zer dela eta erabaki zenuen irakaskuntzari uztea eta literaturatik bizi izatea?

Irakasle-lana ez zen batere txarra, baina pentsatu nuen idazlearena hobea izan zitekeela eta askatasuna emango zidala idazteko eta bidaiatzeko. Nire liburuen salmentak asko igo ziren Ostegunak eta abarrak argitaratu nituenetik eta zalantza sortu zitzaidan: literaturatik bakarrik bizi ote ninteke? Arriskatuko naiz eta lan eroso hau utziko dut? Pentsatu, egin eta ez naiz batere damutu! Bidai literaturarekin hasi nintzen, bidaietako  esperientziak kontatzen. Gero umorea jorratu nuen, beldurra, umeentzako kontakizunak…

Eta zerk eraman zintuen nobela beltzera?

Aldatzeko gogoak. Bizitzan bezala, literaturan ere joera dut esperientzia berriak probatzeko eta eroso sentitzen naiz nobela
beltzean, bere ohiko ezaugarriengatik: erritmo bizia, irakurlea harrapatu beharra, gizarteko miseriak, kritika soziala… Nire pentsaera eta gustuekin bat dator.

Nobela beltzaren eskutik Toure detektibea etorri zen. Nondik hartu zenuen inspirazioa
pertsonaia sortzeko?

Afrikan ezagututakoengandik eta gure arteko afrikarrengandik. Toureren profileko milaka lagun ditugu inguruan; sekulako kontakizunak dauzkate eta biziraupenaren mugan aurrera egiten dute nola edo hala. Horrelako protagonista bat originala eta interesgarria izan zitekeela bururatu zitzaidan.

Laster, liburuetan ez ezik, pantaila txikian ere topatu ahal izango dugu Toure.

Bai, ekoiztetxe handi batek eskaintza interesgarria egin dit, Toureren nobeletatik abiatuta, telesail bat egiteko eta atsegin handiz onartu dut.

Eskurik sartuko duzu gidoian?

Gidoilaria beste norbait izango da, baina nire iritzia ere kontuan hartuko dute.

Buruan al duzu aktorerik Toure pertsonaia egiteko? 

Omar Sy oso Toure egokia izango litzateke. Gainera, nahiko nuke Bilbon filmatuko balute. San Frantzisko auzunearekin zorretan sentitzen naiz eta ez litzateke bidezkoa izango baztertzea.

Azkenik, etorkizunean nola edo zertan ikusten duzu zeure burua? Epe motzean, jarraipenik izango du Toureren nobela sortak? Eta epe luzean, literaturgintzan iraungo duzu? Beste alor batean? 

Etorkizuna existitzen ez denez, ez dut horretan pentsatu nahi. Momentua bizitzea da egokiena eta nagoen bezala jarraitu nahi nuke luzaroan. Beraz, irakurleak nitaz aspertzen ez diren bitartean, idazten jarraituko dut. Toureren zortzigarren nobela idazten ari naiz eta oraindik bizi luzea izatea espero dut.