elkarrizketa

"Mendian inportanteena mendizaleen arteko elkartasuna da”

Garbiñe Okerantza mendizale

Portugaleten arras ezaguna dugu Garbiñe Okerantza. Urtetan Udal Euskaltegiko irakaslea izateaz gain, mendizale gisara ere badu ibilbidea eginda Ganerantz taldean eta Bizkaiko Federazioan. Horretaz guztiaz mintzatzen zaigu elkarrizketa honetan.

 

Garbiñe, nondik datorkizu mendiarekiko zaletasun hori?

Duela hogei bat urte Ganerantz Mendizale Taldeko kide egin nintzen eta bertan ikasi dut  mendia ezagutzen eta gozatzen. Mendizaletasuna osasungarria da eta naturarekin bat egiteko eta adiskideak izateko aukera ematen digu. Azken urteotan gehiago inplikatu naiz eta Mendi Jardunaldiak ere antolatzen ditut. 

Zeintzuk dira zure mendizale-curriculumeko marka handienak?

Igo dudan mendirik altuena Kilimanjaro da (5891 m) eta bigarrena, Ararat (5137 m). Morokon mendirik luzeenak igo ditut (Toubkal eta Mgoun) eta Espainian ere bai: Teide, Mulhacen, Aneto, Perdido… Dena den, altuera baino askoz garrantzitsuagoak dira mendiaren ederra eta mendizaleen arteko elkartasuna. 

      

Bizkaiko Mendizale Federazioan zein kargu duzu?

Duela hiru urte sartu nintzen federazioan eta ordutik aurrera sare sozialak eta komunikazioa daramatzat. Aurten, Emakume eta Mendia batzordea sortuta, horren ardura ere badagokit. Argi dago denok aukera berberak eduki beharko genituzkeela mendian, baina emakumeok oraindik erronka ugari ditugu aurrean. Hausnarketa luzea egin genezake honetaz, baina, labur esango dizut, egoerari buelta emateko, nesken artean kirola sustatu beharko genukeela eta gizartean ikusgai jarri, erreferenteak eskaini eta, jakina, mendiaz aritzean hizkuntza ez-sexista bermatu.

Zerk eraman zintuen Emakume Mendizaleen Topaketa antolatzera?

Ikusi genuen federazio-lizentzia guztien % 30 baino ez zirela emakumezkoenak. Aldea hain handia izanik, zerbait egin nahian, topaketa antolatzea otu zitzaigun, helburuak zirelarik, bateko, gunea sortzea Bizkaiko emakumeek hausnartzeko eta esperientziak zein ezagutza elkarri trukatzeko; besteko, emakumeen lana eta lorpenak ikusaraztea; eta azkenik, mendiaz elkarrekin gozatzea. Esperientzia bikaina izan zenez, bigarren topaketa egiteko asmoa izan genuen, baina zoritxarrez pandemiagatik ezin izan genuen burutu.

EmakuMendi proiektua ere jarri zenuen martxan. Zertan datza?

Proiektuak agerian jarri eta balioetsi nahi ditu Bizkaiko hainbat emakume mendizaleren  ahalegina, dedikazioa eta gainditzeko espiritua. Horretarako, bideo batzuk zabalduko ditugu, protagonistak, besteak beste, klubetako presidenteak, bidezidorretako teknikariak eta mendi lasterketetako arbitroak direlarik. 

Ehun Mendietako Lehiaketaren trofeoak gizonezko itxura edukita urte askotan, zorionez lortu duzu emakumezko baten irudiko trofeoa. Zaila izan al da?

Ikaragarri zaila. Hainbat dendatan galdetu ostean, bakar batean baino ez zuten emakume itxurako trofeorik  eta, okerrena dena, bakar batean baino ez zeuden prest horren diseinua egiteko. Zorionez, Portugaleteko zeramikagile batzuk egitera animatu ziren eta emakume askorentzat oso atsegina izan da azkenik emakume baten eskultura jasotzea.

Mendiaren onurak saldu dizkiguzularik, portugaletetarrak animatu nahi dituzu mendira joan daitezen?

Bai, Portugaleteko guztiak animatu nahiko nituzke mendira hurbiltzera. Gainera, segurtasunez egin nahi badute, Ganerantz taldea daukate Portugaleten eta bertan mendizale asko  laguntzeko prest.